Bilatzailea Kontaktua
...

Gipuzkoa, entrenatzaileen sehaska

Gipuzkoa, entrenatzaileen sehaska

World Soccer aldizkariak, Sid Lowe kazetariaren eskutik, Euskadiko eta, bereziki Gipuzkoako, entrenatzaileei buruzko erreportajea argitaratu du maiatzeko edizioan. Nola liteke halako lurralde txikitik hainbeste entrenatzaile profesional ateratzea?

Xabi Alonso (Bayern Leverkusen) Alemanian; Mikel Arteta (Arsenal), Unai Emery (Aston Villa) eta Julen Lopetegui (Wolverhampton) Premier Leaguen, eta Imanol Alguacil (Real Sociedad), Ernesto Valverde (Athletic Club), Jagoba Arrasate (Osasuna), Andoni Iraola (Rayo Vallecano) eta Jose Luis Mendiilibar (Sevilla) La Ligan besteak beste.

Horiek guztietatik sei gipuzkoarrak dira, baina zerrenda ez da hemen amaitzen. Imanol Idiakez (orain dela aste batzuk arte Leganeseko entrenatzailea) eta Joseba Etxeberria (Mirandes) Espainiako Bigarren Mailako entrenatzaileak dira; Juanma Lillo, urteetan Pep Guardiolarekin batera egon dena, Qatarreko Al Sadd taldean dago; Beñat Labaien Japonen; Beñat San Jose Bolivian; Luis Llopis Real Madrileko atezainen entrenatzailea da eta Xabier Mancisidor Manchester Cityko atezainen entrenatzailea.

Euskadi Espainiako lurraldearen %1,4a da, biztanleriaren %4,6a solik. “Entrenatzaileen prestakuntza, oro har, berdina izan daiteke, baina euskal futbola desberdina da, jendearen, kulturaren, izateko modu baten adierazpen bat.”, dio Mikel Etxarri GFFko Entrenatzaileen batzordeko kideak. Argi dago Euskadin entrenatzaile izateko kultura garatuta dagoela, baina nondik dator hori? Manu Diaz lehendakariak dioenez, “entrenatzaileen papera asko baloratzen da. Profesionalak gazteak entrenatzen aritzen dira oraindik jokatzen duten bitartean. Euskal futbolean dauden egiturek erretirorako prestatzen dituzte jokalariak: askok futbolari lotuta jarraitzen dute, ez entrenatzaile gisa bakarrik. Eta klubek bizkorrago jotzen dute etxeko entrenatzaileengana”.

Euskadiko datuak ikusgarriak baldin badira, zer esanik ez Gipuzkoakoak. “760.000 biztanleko probintzia izanda, Estatuko %1,5a soilik, Gipuzkoak gutxienez talde bat du Espainiako futboleko maila guztietan: Lehenengo Maila, Bigarren Maila, 1. RFEF, 2. RFEF eta 3. RFEF Maila. Postu asko daude betetzeko”, dio Federazioko lehendakariak. “Azken bi urteetan soilik 700 entrenatzaile berrik atera dute titulua Gipuzkoan, horietatik 120 emakumeak. Tradizioa eta bokazioa dago”.

Laburbilduz, nahiz eta lurralde txikia izan, euskal futbolak goi mailako entrenatzaile profesionalak sortzeko gaitasuna erakutsi du. Neurri batean, entrenatzaileen eginkizuna aintzat hartzen delako, profesionalak goiz hasten direlako gazteak entrenatzen eta hemengo futbol klubek etxeko entrenatzaileak kontratatzeko joera handiagoa dutelako gertatzen da hori. Bereziki Gipuzkoako probintzia nabarmentzen da futboleko maila guztietan duen presentziagatik eta azken urteetan lortutako entrenatzaile tituludunen kopuruagatik. Aipatu beharra dago federazio gisa harro egoteko moduko datuak direla.  Horrek guztiak futbolerako tradizio eta bokazio sendoa islatzen du, entrenatzaileen prestakuntzaren arrakastan funtsezkoa izan dena.

Erreportaje osoa irakurtzeko, aldizkaria eros daiteke hemen.