Bilatzailea Kontaktua
...

Atzo aurkeztu zen Gipuzkoako futboleko emakumeen sarea

Atzo, abenduak 4, aurkeztu zen Gipuzkoako futboleko emakumeen sarea Reale Arenako Auditorioan. Gipuzkoako Futbol Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, martxan jarritako proiektu honen helburua sare bat sortzea da, emakumeek zuzendari, entrenatzaile edo jokalari gisa presentzia handiagoa izaten jarrai dezaten, kiroletako hainbat esparrutan egiten duten zereginari balioa emanez.

Manu Diaz lehendakariak hartu zuen lehen hitza ikusleei ongietorria emateko eta proiektu honetan parte hartzeagatik eskerrak emateko. Ondoren, Oneida Zubia lehendakariordeak Gipuzkoako emakumezkoen futboleko hainbat datu eman zituen eta aipamena egin zien egungo futboleko erreferenteei. Agurren ondoren, taldeko argazkiaren txanda izan zen. Ekitaldira joan ziren lagunek argazkia atera zuten Reale Arenako zelaian. Amaitzeko, Teresa Bustok, Airbuseko lehendakari ohiak eta Entalenta aholkularitza enpresaren sortzaileak, lidertzaren inguruan hitz egin zuen.

Federaziotik eskerrak eman nahi dizkiegu beste behin atzo Auditoriora hurbildu ziren guztiei. Proiektu honen hurrengo ekitaldia otsailean izango da. Aurrerago emango da horren inguruko informazio guztia.