Kontaktua
...

C.D. Hernani, Lehen Mailako taldearen bila

Ametsa geroz eta gertuago dagoela dirudien arren, ez da erraza inolaz ere egindako ibilbidea. Iazko denboraldian Hernanik Kopako aurretiko fase honetara sailkatzeko txartela lortu zuen Arabako eta Bizkaiko ordezkariak hirukoan garaitu ostean. Orain arte horretarako aukera Ohorezko Erregional Mailatik 3. Mailara (aurten 3. RFEF Maila) igotzen zen taldeak izaten zuen. Aurten, ordea, lehenengo aldiz, Lurraldeko mailan, hau da, Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen den taldeak jokatuko du. Gauzak horrela, aurten Hernaniren txanda izango da.

Pasa den urriaren 28an jakin zen Errege Kopako aurretiko faseko zozketan zein izango zen Igor San Miguelen mutilen aurkaria: Victoria C.F. A Coruñako taldea da Victoria eta Gorengoen mailako (hemengo Ohorezko Erregional maila izango litzatekeena) Iparraldeko B multzoan lehiatzen da. Bederatzi jardunaldiren ostean, seigarren postuan aurkitzen da ligan 14 punturekin, 4 garaipen, 2 berdinketa eta 3 porrotekin. Pasa den asteburuan etxetik kanpo garaipena lortzetik dator Betanzos C.F taldearen aurka (ligan 5. postuan aurkitzen den taldea).

Galiziarrak ez dira garaipena lortu duten bakarrak, ordea. Hernanik ere 3 puntuak lortu zituen pasa den larunbatean Agorrosinen Bergara 0-1 garaituta; garaipen garrantzitsua asteazkeneko erronkara motibatuta iristeko. 10 jardunaldiren ostean, taldea 5. postuan dago 17 punturekin. 10 partida hauetan porrot bakarra jaso du, 5 berdinketa eta 4 garaipen.

Igor San Miguelen taldeak bihar eguardian irtengo du A Coruñara. Norgehiagoka azaroaren 17an arratsaldeko 19:30ean izango da Grela zelaian.

Grela zelaia

Irabazleak sari potoloa jasoko du: etxean Lehen Mailako talderen baten aurka Errege Kopako lehenengo kanporaketa jokatzea. Gogoratu F.C. Barcelona, Real Madrid, Atletico de Madrid eta Athletic Club zozketa honetatik kanpo geratzen direla Supercopa jokatu behar dutelako; beraz, lau hauek izan ezik, gainontzeko edozein talde izan daiteke aurkaria.

Horrelako aukerak ez dira egunero izaten eta Hernaniko mutilek ondo dakite hori. Egindako ibilbidearen ondoren, azken esfortzua gelditzen da; 90 minutu, garaipena lortu eta Lehen Mailako taldea Zubipera etortzeko. Iazko urteetan Anaitasunak eta Tolosak lortu zuten Getaferen eta Valladoliden aurka etxean jokatzea. Ea aurten ere Hernani gauza bera errepikatzeko gai den. Gipuzkoako futbolaren babes guztia izango dute.