Deportivity, futbol zelaietan joko garbia eta errespetua sustatzeko programa

Ezkerretik eskuinera: Manu Diaz, Goizane Alvarez, Alvaro Saenz eta Ainhoa Azkue.
Gaur goizean aurkeztu da Deportivity programa Foru Jauregiko prentsa-aretoan. Deportivity Gipuzkoako Futbol Federazioaren, Foru Aldundiko Kirol Departamentuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gesto Deportivoren artean lankidetzan landutako proiektua da. Programa honen helburua da futbol zelaietako istuak saihestea, eragile guztiak kontzientziatuz, bereziki kirolari gazteak eta entrenatzaileak. Aurkezpenean izan dira Manu Díaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakaria, Goizane Alvarez Kiroletako diputatua, eta Gesto Deportivoko Alvaro Saenz.
Programaren helburua da hainbat balio irakastea: joko garbia, aurkaria errespetatzea, arbitroak errespetatzea eta zelaian nahiz zelaitik kanpo kirol jarrera positiboa izatearen garrantzia. Ekimen honen funtsezko parte da entrenatzaileek eta kirolari gazteek aktiboki parte hartzea partiden kalifikazioan eta kirolaren aurkako jokabideak identifikatzen.
Proiektu hau Arabako Federazioak iaz jarri zuen martxan, eta denboraldi honetan jarri da abian Gipuzkoako futbolean. Hartara, kadete kategoriako partida guztien jarraipena eta monitorizazioa egiten da, gizonezko nahiz emakumezkoen 11 futbolean eta areto-futbolean.

Goizane Alvarez Kiroletako diputatuak proiektua babestu du eta oso pozik azaldu da «lurraldean kadeteen futbolean kiroltasun eta errespetu handiagoko» giroa sustatzen duelako.
Manu Diazek adierazi duenez, “erronka zoragarria da hain asmo handiko proiektu bat abian jartzea, eta espero dugu laster horren ondorio positiboak ikustea. Informazio asko emango digu gertakarien kausak aztertzeko, eta, gainera, jokoaren protagonistekin elkarreragin zuzena izateak adin goiztiarretan hain beharrezkoak diren errespetu eta kiroltasun ohiturak ezartzea erraztuko du».
Gesto Deportivoko Alvarok azaldu duenez, “Deportivityk hiru ikuspuntutatik heldu nahi dio kiroltasun ezaren inguruko lanari: lehenengoa da prebentzioa eta inplikatutako eragile guztien sentsibilizazioa; bigarren alderdia Deportivity aplikazioaren bidez gauzatzen da; azkenik, hirugarren ikuspegia esku-hartzea bera da, hau da, prestakuntzako neurriak aplikatzea kiroltasunik gabekoak edo indarkeriazkoak diren egoerak hautematen diren kasuetan”.
Entrenatzaile bakoitzak lau alderdi aztertu beharko ditu partidaren ondoren: beste taldeko entrenatzailearen jarrera, beste taldeko jokalarien portaera, arbitroaren jarduna eta zaleen jokabidea. Alderdi horiek kalifikatuko dira 0tik 10era, eta sailkapen bat sortuko da, topaketan ikusitako kiroltasun-maila islatuko duena. 2023-24 denboraldian 2.600 partida inguru monitorizatuko dira, eta 196 taldek hartuko dute parte.
Proiektu honen bidez, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, berretsi egiten dute jokalekuetatik kiroltasunik gabeko jokabideak desagerrarazteko eta futbolariak eta familiak kirol-jardunean giro segurua lortzeko beharraz kontzientziatzeko duten konpromisoa.