Bilatzailea Kontaktua
...

Entrenatzaileen Batzordeko lehenengo eguneratze eta birziklatze jardunaldia

Ezkerretik eskuinera: Igor Gordobil, Josu Zubia, Mikel Etxarri, Joseba Etxeberria, Pablo Sanzol eta Txema Fraile.

Pasa den astelehenean entrenatzaileen lehen “Eguneratze eta birziklatze jardunaldia” ospatu zen Ipuruako Prentsa Aretoan. Guztira 80 entrenatzaile bildu ziren bertan.

Jardunaldian hiru hizlarik parte hartu zuten: Pablo Sanzol, SD Eibarko Kirol Zuzendaritzako Analisi eta Datuen arduraduna, Joseba Etxeberria, SD  Eibarko lehen entrenatzailea eta Igor Gordobil, gipuzkoar entrenatzailea (SD Beasaingo lehenengo taldeko entrenatzaile ohia).

Pablo Sanzolek, “Datuaren erabilera futbol profesionaleko kirol zuzendaritzetan. Benetako kasua: S.D. Eibar” izenburupean egunerokotasunean datuak nondik lortzen dituzten erakutsi zuen, eta nola erabiltzen dituzten haiek, beren datu-eredu pertsonalizatuan oinarrituta, jokalari fitxagarrien talentuen eta etorkizuneko jokalarien lehen hautaketa egin ahal izateko. Hitzaldi interesgarria eta berritzailea, bertaratutako entrenatzaile askok ezagutzen ez zutena.

Joseba Etxeberriak, aldiz, “Joko eredua” izenburupean, bere joko eredu pertsonalaren ezaugarri garrantzitsuenak azaldu zituen, S.D. Eibarko lehen taldean praktikara eramaten ari direnak. Ziur gaude bertaratutako entrenatzaileek hitzaldi horretatik hainbat ideia atera zituztela beren joko ereduetan eta taldeetan praktikan jartzeko.

Eta azkenik, Igor Gordobilek jokoaren eraikuntzan abantailak nola lortu eta eragin azaldu zuen, “Futbola: dinamika eta interakzioak espazioaren bila” izeneko hitzaldian. Bideo eta egoera erreal askotan oinarritutako ponentzia izan zen, eta egoera horiek entrenamenduan nola landu erakutsi zuen ariketen bidez.

Laburbilduz, jardunaldi interesgarria izan zen, jende asko bildu zen eta bertaratu ziren entrenatzaileak pozik irten ziren. Hemendik SD Eibarri eskerrak eman nahi dizkiogu egindako harreragatik eta jardunaldia antolatzeko erraztasunengatik.