FUTBOLEKO INDARKERIAREKIN AMAITZEKO BIDEA

EHUren Udako Ikastaroen Barruan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Foru Aldundiarekin batera, Futboleko Indarkeriari buruzko ikastaroa eskaini genuen atzo Donostiako Miramar Jauregian.
Ikastaroari hasiera eta bertaratuei ongi etorria Enara Garroren, Zuzenbide Penaleko Titularraren, Oneida Zubiaren, GFFko lehendakariordearen, eta Marta Pastorren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariaren, eskutik izan zen.
Ikastaroa hiru zati nagusitan banatu zen: lehenengo zatian, futboleko indarkeriaren kasuak erakutsi eta horren diagnostikoa egin zen. Bertan parte hartu zuten Juan Jose Alvarez, EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna, Jon Mirena Landa, EHUko Zuzenbide penaleko katedraduna, eta Manu Diaz GFFko lehendakariak.

Manu Diaz.
Bigarren mahaiari dagokionez, berriz, indarkeria horri aurre egiteko estrategiak aipatu ziren eta etorkizunera begira gizarteak eta futbolaren munduan eragina izan dezaketen agenteek aurki ditzaketen erronkak aztertu ziren. Bigarren zati honetan Rosa Celada, Herritarren Eskubideen eta Segurtasun Publikoaren Ataleko Idazkaritza Nagusiko ertzain erretiratua, Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua, eta Ane Urkiri, Jone Bastida eta Alvaro Vicente kazetariak, Koldo Aldalurren laguntzarekin, izan ziren protagonistak.
Azkenik, arratsaldeko jardunaldian indarkeriaren arazoari eta aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egin zen berriro, baino oraingo honetan futbol amateurrean. Horretarako, Aitor Gorostegui, Gizonezkoen Bigarren Mailako VAR epailea, Ainhoa Ibarburu, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Tati Garmendia, Bera Berako jokalari ohia, Jon Ander Ulazia, S.D. Eibarko aholkularia eta Juanjo Lusaren, Onda Vascako kazetaria, laguntza izan genuen.
Laburbilduz, hizlari ugari eta beste hainbeste titulu azpimarratzeko, baina guztiek ideia bera amankomunean: gaur egun gure gizartean hain barneratuta daukagun kiroletako, eta, bereziki, futboleko indarkeriarekin amaitzea. Horretarako, ezinbestekoak izango dira heziketa eta hedapena: gaztetxoenei baloreen garrantzia erakutsi, eta hedabideak mezua zabaltzeko garrantziaz kontzientziatu.