Kontaktua
...

Garbiñe Etxeberria: “Momentua bizitzen ari gara, baina hankak lurrean izanda”

Garbiñe Etxeberria (Jon Urbe)

Garbiñe Etxeberriak (Hernani, 1967) 2017an hartu zuen Realeko emakumezkoen arloko Kirol Zuzendari kargua, nahiz eta, era batean edo bestean, bere futboleko ibilbide guztia klub honi lotuta daraman. Beti egin du apustu emakumezkoen futbolaren alde, ikusi besterik ez dago gaur-gaurkoz Reala nola aurkitzen den: lehen taldea liderra da Bartzelonarekin batera seitik sei irabazita (horien artean, Real Madril eta Athletic garaituta), orain arteko txapelketa hasierarik onena izan da neskentzat. Bestalde, aurten lehenengo aldiz hirugarren taldea atera dute (Real C). Bigarren taldeak ere ez darama denbora asko lehiatzen, duela 4 denboraldi sortu baitzen, eta bi igoera jarraian lortu ondoren, aurten bigarren urtez lehiatuko da Lehenengo Nazional Mailan. Argi dago Gipuzkoako emakumezkoen futbola gorantz doala, eta espero dugu urte askoan horrela jarraitzea.

 

1. Denboraldia ezin hobeto hasi duzue. Nola dago taldea?

Ez da erraza egiten ari garena. Lehenengo Mailako sei partidak irabazi izanak indartu egin gaitu. Orain arte jokatu ditugun arerioak ikusita, partida zailak tokatu zaizkigula esan daiteke, eta, horregatik, taldea oso gustura dago; momentua bizitzen ari gara, baina hankak lurrean izanda. Txapelketa hasi besterik ez da egin eta lehenengo sei jardunaldi bakarrik jokatu ditugu, baina taldea kontentu ikusten dugu eta egiten ari diren eguneroko lanarekin konbentzituta. Staff taldea ere lasai dago; nik uste dut errefortzu handia dela denboraldia horrela hastea. Hala ere, argi daukagu partida guztiak konplikatuak direla, eta edozein taldek ondo lehiatu dezakeela. Igandekoa da hurrengoa eta gerta daiteke galtzea. Partidak ez dira errazak eta edozeinek irabaz dezake; hori da buruan izan behar duguna.

2. Iazko denboralditik taldea asko aldatu da. Baja asko egon dira, eta jende berri ugari etorri da. Argi dago, ordea, taldekideak zelaian ondo konpontzen direla. Zein izan daiteke horren gakoa?

Dena izan da. Faktore asko egon daitezke. Egia da ez dela denboraldi amaiera erraza izan, udara ere konplikatua izan dela, baina beno, burua galdu gabe lan egin dugu. Galtzen genuena asko zen, jokalari aldetik, zelaian eta zelaitik kanpo eman duten guztiagatik. Kontziente ginen hortaz eta hori berreskuratzea nahi genuen. Lanean jarraitu dugu gure linea galdu gabe eta fitxaketekin asmatu egin dugula ikusten da, ondo sartu direlako dinamikan, ondo ulertu dutelako Nataliak eta Staff taldeak zer nahi duten, nolakoa den kluba, zer suposatzen duen eguneroko lanak etab. Bi hilabete eta erdi hauetan asmatu egin dugu eta, esan bezala, faktore asko izan direla uste dut. Berriro diot, emaitzek indartu egiten zaituzte, baina honen atzean jende askoren lana dago eta hau guztia lan horren ondorioa da.

Mirari Uria eta Garbiñe Reale Arenan azpeitiarraren aurkezpenean. (Real Sociedad)

3. Zein dira aurtengo denboraldiko helburuak?

Aurreko urtetik hona egon diren aldaketen ondorioz, talde berri batekin hasi behar izan dugu, eta guretzako garrantzitsua zen orain arteko ibilbidean egindako guztia ez galtzea, eta klub edo talde gisa daukagun maila hori mantentzea. Beraz, aurtengo helburua da orain arte egindakoa mantentzea eta ahal bada hobetzea, eta beti esaten duguna: sailkapenean zenbat eta gorago gelditu orduan eta hobeto, baina ibilbide on bat eginda lortuta, hau da, orain arte lortutako guztia galdu gabe. Horrez gain, aipatzea gustatuko litzaidake harrobiko jokalariek eman duten pausoa. Kasualitatea al da? Ez, urtetako lana da. Aukera eman diegu eta, begira, erantzun egin dute, prest daude. Etortzen diren jokalari horiek beraien presentzia izatea lortu nahi dugu. Beraz, helburuak, laburbilduz, ondorengoak lirateke: alde batetik, emaitzak, aurreko urtekoak hobetzea eta egindakoa ez galtzea, eta, bestetik, datozen jokalariei pazientziarekin aukerak ematea.

4. Nesken lehen taldea ondo hasi da, baina mutilena ere bai. Hori ez da kasualitatea. Zubietan egiten den lanaren fruitua al da?

Begirada zabal batetik ikusita, hori da. Nik uste dut klubak duen esentzia hori dela. Zubietan lan asko egiten da, jende asko dago honen atzean eta denok daukagu sartuta zer den Reala, zer transmititzen duen eta zerrekin identifikatzen dugun. Eguneroko lanaren garrantzia izugarria da, hori lehendakariak, Jokinek, ere esaten du, Robertok ere bai, nik neuk… Asteburuetakoa ez da kasualitatea. Hemen astelehenetik ostiralerako lanak eramaten zaitu ondo lehiatzera eta inguruan jende asko dago elkarlanean helburu berdinarekin. Unitate asko daude Zubietan eta guztion elkarlana beharrezkoa da. Nataliak lana ondo egiteko, taldea behar du. Jokalariek ondo jokatzeko, inguruak funtzionatu behar du. Laburbilduz, Zubietako lana jende askoren lana dela, baina, batez ere, barruan daukagun begirada hori, sentimendu hori, dela garrantzitsuena.

5. Azken urteetan emakumezkoen futbolaren gorakada nabarmena da. Aurten lehenengo aldiz emakumezkoen hirugarren taldea atera duzue. Nola ikusten duzu etorkizuna emakumezkoen futbolari, eta, batez ere, Realari dagokionez?

Argi dago hemen neska gazteei begira denok mugitzen garela. Gaztetxo hauek Realaren erreferentzia hori ikusi dutenean, fitxen kontuan mugimendu handia sortu dugu Gipuzkoan, gehitu edo handitu egin da. Lehen ere tradizioa bazegoen Gipuzkoako emakumeen artean futbolean jarduteko, baina Realaren eraginez gehiago hazi da azken urteetan. Orain gaztetxoak lehenago hasten dira futbolean, lehenago ikasten dituzte gauzak. Zer gertatzen da orduan? Jendea maila hobearekin datorrela. Hortaz ohartzean, beharrezkoa ikusi dugu Realaren dinamikan sartzea, talentu horri etekin gehiago ateratzeko. Klubek lan asko egin dute, baina ez dauzkate gure baliabideak. Egindakoa oso ondo dago eta eskertu egin behar zaie hitzartutako klub guztiei, baina guk baliabide gehiago izanda eta nesketan maila gehiago egonda, ikusi dugu  jende hori gure hirugarren taldean lehenbailehen sartzea  hobe zela harrobiko lanaren hobekuntzarako. Hori da gure gaurko begirada. Ikusgaitasunak indar handia ematen dio, horregatik fitxa gehiago daude, eta fitxen bolumen hori edukita dena erraztu egiten da. Nik uste dut Realaren lana hor egotea dela eta beti esaten dut Reala Gipuzkoan asko dela, futboletik kanpo ere asko transmititzen duela. Aprobetxatu egin behar dugu txanpa hori, betiere nondik gatozen errespetatuz, klubek egin duten lan guztia kontuan izanda. Guk zortea dugu Gipuzkoan futbol tradizio handia egon delako beti eta jokalari on asko atera direlako. Berriro grina hori berreskuratu dugu eta orain aukera daukagu jokalari gehiago daudelako. Egia da, zoritxarrez, pandemiaren ondorioz, zertxobait atzera egin dugula. Alebin-infantil mailako belaunaldi batek urte eta erdi galdu du, eta ikusgaitasun aldetik ere behera egin dugu denbora horretan. Horregatik, berriro martxan jarri behar dugu guztia, kirola derrigorrezkoa dela eta Gipuzkoan futbola ondo antolatuta dagoela erakutsi, eta lanean jarraitu behar dela. Ez dago besterik.