Garbiñe Etxeberriak Carmen Adarraga Saria jasoko du

Garbiñe Etxeberriak Carmen Adarraga Saria jasoko du gaur arratsaldean Foru Aldundiaren eskutik. Sari honen helburua kirolean bideak irekitzeagatik eta berdintasunaren aldeko aldaketa eta eraldaketa sozialak eragiteagatik nabarmendu diren pertsonen jarduna saritzea eta aitortzea da.
Realeko emakumezkoen arloko kirol zuzendaria eta GFFko Emakumezkoen Futbolaren Batzordeko kidea dena, futbolaren arloan egindako lanagatik sarituko dute. Izan ere, Etxeberriak jokalari gisa Oiartzun K.E.-rekin liga eta bi Erreginaren Kopa irabazi zituen 80-90 hamarkadan; hori ez ezik, egungo kirol zuzendari lana ere aitortuko zaio azken urteetan Realak izan duen hazkundeagatik eta lorpenengatik, 2019ko Erreginaren Kopa eta pasa den denboraldiko bigarren postua, esaterako.
Gipuzkoako Futbol Federazioaren izenean zorionak eman nahi dizkiogu, horrelako sari garrantzitsu batek egindako ibilbidea aitortzen duelako. Guretzat pribilegio bat da erakunde honen proiektuaren parte izaten jarraitzea.