Bilatzailea Kontaktua
...

Gaur goizean Entrenatzailearen Eguna ospatu da Deustuko Unibertsitatean

Gipuzkoako Futbol Federazioak Entrenatzailearen Eguna ospatu du gaur Donostiako Deustuko Unibertsitatean. Ekitaldia goizeko 10:15ean hasi da Manu Diaz lehendakariaren agurrarekin. David Gutierrez, Espainiako Federazioko Entrenatzaileen Batzordearen lehendakariak ere ongi etorria eman nahi izan die bertaratutakoei. Josu Zubia Entrenatzaileen Eskolako zuzendariak hartu du ondoren hitza hitzaldietako protagonistak aurkezteko.

Guztira hiru hitzaldi ospatu dira goizean zehar: Joan Vilak, Bartzelonako jokalari ohia eta klub bereko metodologia Arloko zuzendari ohia, jokalariaren ikaskuntza eta garapenari buruz hitz egin du. Ondoren, Luki Iriartek, Realeko Oinarrizko Futboleko zuzendariak, Zubietako harrobiari buruz jardun du, etxeko jokalarien egonkortasunaren eta iraunkortasunaren nondik norakoak azalduz. Eta, azkenik, Ruben de la Barrerak, Albacete klubeko iazko denboraldiko entrenatzaileak, futbolak estilo joko eta estimulu joko gisa dituen desberdintasunei buruz jardun du.

Behin hitzaldiak amaituta, oroigarrien txanda izan da. Iazko denboraldian Ohorezko Mailetan txapeldun izan ziren ondorengo entrenatzaileek oroigarria jaso dute Federazioaren eskutik:

  • Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila – Touring K.E: Garakoitz Argote Erkizia
  • Gizonezko Erregionalen Gorengo Maila – C.D. Vasconia: Iñigo Mutio Espinosa
  • Gizonezkoen Ohorezko Jubenil Maila – Bergara K.E.: Iñaki Maridaras Maiztegi
  • Gizonezkoen Ohorezko Kadete Maila – Antiguoko K.E.: Jose Luis Txakartegi Marin
  • Emakumezkoen Ohorezko Erregional Maila – Oiartzun K.E.: Endika Loiola Irulegi
  • Emakumezko Erregionalen Gorengo Maila – Real Sociedad SAD: Gorka Alvarez Esteibar

Omenaldiekin jarraituz, Javier Vallejo eta Mikel Etxarri izan dira gaur goizeko protagonista nagusiak. Vallejo urte luzez egon da aulkietan, besteak beste Irungo Real Union taldea entrenatu du, eta Gipuzkoako Federazioko Entrenatzaileen Batzordeko buru izan da 17 urtez. Etxarri, berriz, Eibarko eta Real B-ko entrenatzailea, Euskal Selekzioko hautatzailea eta Euskadiko Federazioko Entrenatzaileen Batzordeko lehendakaria izan da.  Gipuzkoako Futbol Federazioak urrezko intsignia eman die urteetan Gipuzkoako futbolari egindako ekarpena eta federazioan egindako lanaren esker moduan.

Entrenatzailearen Egunari amaiera emateko, ekitaldira joan diren guztientzat lunch-a eskaini da.