Bilatzailea Kontaktua
...

GFFk eta Neguak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako selekzioak ekipamenduez hornitzeko

Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak, Manu Diazek, eta Negua Extreme Sportwear enpresako gerenteak, Ander Zuaznabarrek, datozen hiru urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, apirilaren 4an. Akordio horren helburua Gipuzkoako oinarrizko futbolari laguntzea da, eta, horretarako, Neguak Gipuzkoako selekzioak ekipamenduez hornituko ditu.

Kadete mailako gure gizonezkoen eta emakumezkoen selekzioek denboraldi honetan ekin diote berriro, eta jubenil mailako selekzioek ere lehen partida jokatzea espero da hurrengo hilabeteetan. Guztiek Negua enpresaren diseinu berria izango dute, gure selekzioen kolore tradizionalak errespetatzen dituena.

Manu Diaz eta Ander Zuaznabar Gipuzkoako selekzioen kamiseta berriekin.

Negua ehunen pertsonalizazioan espezializatutako enpresa da, Usurbilen du egoitza eta bertan garatzen du bere produkzio-prozesu guztia tokiko kontsumoa eta garapena sustatzeko. Marka gisa, kirol diziplina bakoitzaren eskakizun eta ehunen beharretara egokitzen da. Gainera, emakumeen kirola babesteko duen konpromiso sendoaren barruan, Neguak patroi eta oihal desberdinak ditu kirolariak errendimendu maila gorenera eramateko. Jantziak azken belaunaldiko eta kalitate handiko ehunekin egiten dituzte, beti ere euren fabrikazioan jasangarritasuna kontuan hartuz.