Bilatzailea Kontaktua
...

GFFk lehen aldiz 2022-2025 Euskararen Plan Estrategikoa egin du Gipuzkoako futbolean euskara sustatzeko

Etorkizunerako bisioa, lau erronka nagusi eta estrategiak definitu ditu EMUN aholkularitzarekin batera eta 2022 ekintza plana martxan da

Gaur goizean Beñat Larrañagak, GFFko lehendakariordea eta Euskara Batzordeko arduraduna, eta Amaia Baldak, EMUN Aholkularitzako koordinatzaile nagusia, prentsaurrekoa zuzendu dute hedabideentzat Federazioko prentsa aretoan. Bertan 2022-2025 Euskararen Plan Estrategikoaren nondik norakoak azaldu dituzte.

2021. urtean, Emun aholkularitza kooperatibak gidatutako hainbat elkarrizketa, hausnarketa eta galdeketa egin ondoren, datozen lau urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa landu eta diseinatu zen. 2022an, Emunen aholkularitza teknikoari esker, dagoeneko martxan da Ekintza Plana.

Honako hau da Gipuzkoako Futbol Federazioaren Euskararen Plan Estrategikoaren bisioa:

“Kirolak eta futbolak hizkuntzaren transmisiorako duen garrantziaz kontziente izanik eta Gipuzkoako Futbol Federazioa gizarte eragile den heinean, bere erreferentzialtasuna, lidergoa eta eredugarritasuna erabiltzea, euskararen erabilera sustatu eta ahalbidetzeko kanpo eta barne harremanetan, partidetan eta entrenamenduetan”.

Bisio hori ardatz hartuta, lau erronka nagusi finkatu ziren, Federazioaren eragingune izan daitezkeen lau esparru nagusiei erreparatuta (Federazioa, klubak, epaileak eta entrenatzaileak):

  1. Hizkuntza instituzionala euskara izatea eta euskararen erabileran erreferente eta eredu
  2. Klubetan euskararen erabilera sustatzea eta bultzatzea.
  3. Partidak euskaraz epaitzeko aukera bermatzea.
  4. Entrenamenduak euskaraz egiteko baliabideak ematea eta aukerak

Esan bezala, plan estrategikoa datozen lau urteetarako garatu da. Gaur-gaurkoz martxan da 2022ko ekintza plana eta urtez urte garatuko dira hemendik 2025eko planak.