Bilatzailea Kontaktua
...

Gipuzkoako arrakasta aulkietan

Aurreko ostiralean ofizialki amaitu zen 2019/20 denboraldia liga handietako entrenatzaile gipuzkoarrentzat eta haien taldeentzat. Mikel Arteta Ingalaterran, Imanol Alguacil eta Julen Lopetegui La Ligan, eta Andoni Iraola zilarrezko mailan izan dira futbol maila altuenetan denboraldia amaitu duten entrenatzaileak. 

Atzerrian entrenatzen duen zerrendako entrenatzaile bakarrarekin hasiko gara, Mikel Artetarekin. Lehen aldiz futbol profesionaleko lehen entrenatzailea izan arren, denboraldi bikaina egin du. Pep Guardiolaren bigarrena izateak Manchester Cityn esperientzia eman zion eta munduko onenetako batengandik ikasteko aukera ere bai. Arsenal F.C. taldea hartu zuen momentu txarrean zegoenean eta egoerari buelta ematea lortu zuen. Taldea Europan sartzea lortu zuen eta denboraldia sentsazio onekin amaitu zuten Fa Cup irabazi eta UEFA Europa Leaguera automatikoki sailkatu ondoren. Oso denboraldi positiboa izan da donostiarrarentzat, Arsenalentzat txarra zirudien denboraldia aurrera ateratzea lortu baitzuen, eta Londresko zaleei eta klubari ilusioa itzuli die.

Gipuzkoako beste sorpresa bat aurkitzeko, Donostiara hurbildu besterik ez dugu egin behar, Imanol Alguacilek arrakasta handiko denboraldia lortu baitu. Geldialdira arte, txuri urdinak kontinente zaharreko futbolean hobekien jokatzen zuenetakoak ziren, eta horren ondorioz Champions postuengatik borrokatzen zuten. Geldialdiak ez zion mesederik egin taldeari, ligako azken partidetan tonuz kanpo zegoela erakutsi baitzuen, baina azkenean Europako txapelketara sailkatzea lortu zuen, sailkapenean seigarren geratu ondoren, UEFA Europa Ligarako txartela lortu zuten. Jokatzeko modu horrek Europa guztia maitemindu zuen, eta ligako talde erakargarrienetako bat bihurtu zen. 

Baina arrakastak ez dira bakarrik ligan lortu. Euren joko sinestezinari esker Errege Kopako finalera iristea lortu zuten. Finalerako bidean gehien gogoratzen den partida Santiago Bernabeun 3-4 irabazi zutena da. Imanolen taldeak karisma eta lehiakortasuna erakutsi zituen erraldoi zuriaren aurka eta finalerdietarako txartela lortu zuen, non gipuzkoar entrenatzaile batek zuzendutako beste talde baten aurka jokatu eta irabaziko zuten, CD Mirandes,  finalerako txartela lortuz. Denboraldi bat historiarako.

Andaluzian Julen Lopetegui dugu hurrengo protagonista. Aurtengoa bere lehen denboraldia izan da Sevilla FC taldean. Sevillako taldea Champions Leaguerako sailkapena lortzeaz gain, UEFA Europa Leaguea irabazi du. Dudarik gabe denboraldiko entrenatzaile gipuzkoarrik arrakastatsuena da. Finalerako bidea ez zan erraza izan, partidu gogorrak eduki dituzte eta Manchester United bezalako talde historikoak kanporatu dituzte (2-1). Real Madriletik igaro ostean, Andaluziako taldea izan da entrenatzeko aukera eman dion lehena. Ostiralean lortutako titulua bere lehen titulua izan zen klubetako entrenatzaile bezala eta ziur ez dela azkena izango.

Jarraian hitz egingo dugun entrenatzailea "matagigantes" bezala ezagutzen den taldea zuzendu du denboraldi honetan eta euskal futboleko jokalari ohia da, Andoni Iraola. Mikel Arteta donostiarrari gertatu zaion bezala, bere lehen denboraldia izan da futbol talde profesional baten agindupean, esan beharra dago denboraldi bikaina izan dela. Mirandeseko taldea Errege Kopako finalerdietara eramatea lortu zuen eta txapelketako "matagigantes" tituluaren jabe egin zen berriro, 2012ko Mirandes CD taldea gogoraraziz, maila goreneko talde bat baino gehiago bidean kanporatu baitzuten.

Denboraldiko arrakasta ez da lehiaketa horretan lortutakoan bakarrik oinarritzen. SmartBank ligan bere taldea playoffetan leku bat lortzeko borrokan lehiatzen izan zuen azken jardunaldietara arte, zerbait imajinaezina Anduvan jolasten duen taldea aurreko denboraldian zilarrezko mailara itzuli zela kontuan hartzen badugu. Denboraldi arrakastatsu honek ateak ireki dizkio Rayo Vallecanoko entrenatzailea izateko, lehen mailarako hautagai argia eta SmartBank ligako talde indartsuenetako bat.

Espero dezagun datorren denboraldia gipuzkoako entrenatzaileentzat duela egun batzuk amaitutakoa bezain arrakastatsua izatea. Egurra Misters!

 

.