Gipuzkoako epaileak ezagutzen

Mattin Otxoa epailea, erdian.
Mattin Otxoa (Donostia, 1998) eta Javier Olaizola (Hernani, 1991) mailaz igo ziren iazko udan, lurraldetik nazionalera jauzi eginez. Denboraldi honetan 3. RFEF Mailan estreinatu dira biak, Otxoa epaile gisa eta Olaizola laguntzaile espezifiko bezala. Lehen itzuli honetan izandako esperientziaz eta heurei buruzko bitxikeriez galdetu nahi izan diegu.
1.- Aurten 3. RFEF Mailan estreinatu zara. Nola baloratzen dituzu lehiaketako hilabete hauek kategoria berri batean? Alde handia sumatzen al da Ohorezko Erregional Mailatik 3. RFEF Mailara?
Mattin Otxoa: Lehen hilabeteak oso onak izaten ari dira, pozik nago izan ditudan partidekin. Jokalarien teknikan eta taldeen taktikan aldea nabaritzen da. Nire ume aurpegiarekin uste nuen presio handiagoa egingo zidatela, baina erabakiak hartzerakoan gehiago errespetatzen eta ulertzen dutela iruditzen zait.
Javier Olaizola: Ilusioz gainezka, etapa berri honetan jarraitzeko gogoz nago. Maila ezagutzen nuen, Ohorezko Erregional Mailan nengoenean ere laguntzaile gisa egon izan naizelako noizbait. Egia da, ordea, 3. RFEF Mailako laguntzaile espezifiko gisa egonda kategoriaren exijentzia handiagoa dela.
2.- Zenbat urte daramatzazu arbitrajearen munduan?
M.O.: Duela zazpi urte pasatxo egin nuen debuta, 2015eko azaroaren 22an, hain zuzen ere.
J.O.: Egungoa nire 15. denboraldia da. 2008an hasi nintzen epaile gisa 17 urterekin.
3.- Arbitratzea ez da erraza. Alde batetik edo bestetik kritikak entzuten dira beti. Zergatik erabaki zenuen epaile/laguntzaile izatea?
M.O.: Beti gustatu izan zait futbola, jubenilen azken mailara arte jokatu nuen eta oraindik lagunekin partidaren bat jokatzen dut ahal dudanean. Txiki-txikitatik gustatzen zitzaidan epailearen rola, segundo gutxi batzuetan erabakiak hartzea, baina esparru guztietan bezala, oso zaila da denak pozik egotea hartzen den erabakiarekin.
J.O.: Jubeniletan jokatzen nuenean 8ko futbola arbitratzea eskaini ziguten Anoetako estadio txikian. Bi pertsona interesatu ginen eta zortea izan nuen, zozketa neuk irabazi bainuen. Esperientzia gustatu zitzaidan eta neure buruari “federatu egingo naiz” esanda arbitrajean hasi nintzen.

4.- Ba al duzu zure lana egiten erosoago sentitzen zaren zelairen bat?
M.O.: Nire zelairik gogokoena Loinaz (Beasain) da, zelai handia, korrika egiteko aproposa eta oso belar ona. Joaten naizen bakoitzean jendea egoten da harmailetan, eta horrek partidako giroa hobetzen du beti.
J.O.: Orokorrean zelai guztiak gustatzen zaizkit, ez dut lehentasunik.
5.- Kontaiguzu partidaren batean gertatu zaizun anekdotaren bat.
M.O.: 3. RFEF Mailan debuta egin nuenean, falta batean bi jokalari, talde bakoitzetik bat, falta nondik atera behar zen eztabaidatzen ari ziren; mailako bi beteranoak ziren, batek baloia aurreratu nahi zuen eta besteak atzera botatzea. Beraiengana hurbildu nintzenean biek beren ekintza argudiatzen hasi ziren eta halako batean honakoa esan nien: “mutilok, hemen denok zakur zaharrak gara”. Barrez hasi ziren biak, eta ea zenbat urte nituen galdetu zidaten.
J.O.: Erregionaleko partida batean, bizi nintzen herrian arbitratzea egokitu zitzaidan, eta partida hartan aurkako taldeko delegatuak esan zidan aurreko gauean herriko irratsaio batean egon nintzela eta jokatu aurretik bazekitela galdu egingo zutela. Bitxia izan zen.