Bilatzailea Kontaktua
...

Gipuzkoako Futbol Federazioak futbol egokitu eta inklusiborako plana aurkeztu du

Kirol Egokituen Federazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta futbol taldeen lankidetzarekin, plan aitzindari bat jarri da abian desgaitasuna duten pertsonei futbolean jarduteko aukera errazteko

Gipuzkoako Futbol Federazioak futbol egokituan eta inklusiboan aukerak sortzeko proiektua jarri du abian. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa bat da, eta helburua futbolaren inguruko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea da, kirol hori sustatuz eta desgaitasuna duten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztuz; era horretara, etorkizunean futbol egokituan eta/edo inklusiboan modu egonkorrean parte hartzeko eta/edo lehiatzeko espazio bat sortzea nahi da.

Proiektu hau Gipuzkoako Futbol Federazioak gidatuko du, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta gure inguruko kluben laguntzarekin.

Asmoa, ohiko klubekin batera, Gipuzkoako lurralde osoari zuzendutako lankidetza proiektu bat abiaraztea da eskualde bakoitzean, desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren parte-hartzea sustatzeko.

Iazko denboraldian Irungo topaketak izandako arrakastaren ondoren, 2021-22 denboraldian futbol egokituko zortzi topaketa antolatu dira Gipuzkoako hainbat herritan, erabiltzaile guztiek euren bizilekutik gertuen duten jardunaldira joateko aukera izan dezaten.