Kontaktua
...

Igor Emery: “Hauek dira gure ezaugarri nabarmenenak erronka honi aurre egiteko orduan: ardura, ilusioa eta familia”

Igor Emery

Igor Emeryren (Hondarribia, 1980) lehen urtea da Real Union Clubeko presidente gisa, eta erantzukizun handiko proiektua dela onartzen badu ere, anaiak eta berak pauso hori emateko arrazoi bat dagoela aitortu du: familia. Aitak eta aitonak atezain gisa jokatu zuten klubean, eta azken honek Espainiako bi Kopa irabazi zituen 1924 eta 1927 urteetan. Emery anaiek zaleen ilusioa berreskuratu nahi dute, eta ba al da horretarako modu hoberik lehenengo taldea 1. RFEF Mailan lehiatzen ikustea eta klub moduan hazten jarraitzea baino?

 

1. Denbora gutxi daramazu Real Union Clubaren agintean. Nola egiten diozu aurre erronka horri?

Hiru hilabete igaro dira administrazio kontseilu berria izendatu zutenetik, eta, egia esan, erronka handia da, eta, batez ere, erantzukizun handikoa. Azkenean, Emery familiak urrats hori ematea erabaki du, gure historiak, gure familiak hala eskatzen zigulako; futbolarekin, eta, batez ere, Real Unionekin lotura hori dugulako egiten dugu eta ilusio handia egiten digu proiektuak. Egia esan, erronka honi aurre egiteko orduan gure bereizgarri izan daitezkeen bi hitz badaude, erantzukizuna eta ilusioa dira, eta hirugarren bat gehituko bagenu, familia izango litzateke. Hori da, hain zuzen, gaur egun historiaz gain, guretzat potentzial handia duen proiektu baten buru izatera eraman gaituen arrazoia.

2. Proiektu honen aldeko apustu sendoa egin duzue. Zein da zuen ideia etorkizunera begira?

Guk bi denboratan edo epetan bereizi dugu proiektua. Epe laburrera begira, lehen taldean zentratuta gaude. Oso gogorra den eta indartu behar den kategoria berri batean lehiatzen ari da, eta guk ere hori sustatzea nahi dugu, kategoria horretan finkatuz eta, behin finkatuta, gora begira jarriz. Denboraldia hasi zenetik lehiatzen gabiltzan bezala lehiatu behar dugu. Maila honetan epe laburrean pentsatzen dugu eguneroko entrenamenduek eta asteburuko partidek soilik balio dutelako. Epe ertain-luzeari dagokionez, berriz, klubaren proiektua globala da. Oinarrizko futbola sustatu nahi dugu, gu iritsi aurretik une zailean baitzegoen, eta klubaren etorkizuna oinarrizko futbol horretan eta Real Unionen berriro egoteko ilusioa berreskuratu behar duten neska-mutil horietan baitago. Azkenean, horrek emango dio klubari bideragarritasuna eta iraunkortasuna. Esan dudan bezala, proiektu globala da, klubaren osotasunean pentsatzen dugu, baina beti lehen taldea zer den bereiziz, berehalako errendimendua behar baitu. Oinarrizko futbola, berriz, eraiki hitzarekin lotuko genuke; eraikitzea, sortzea, da kontua, eta hori pixkanaka egin beharko da, baina oinarriak ezarri behar dira dagoeneko.

3. Aurten, lehen taldea kategoria berrian ari da lehiatzen, 1. RFEF Mailan. Zein iritzi duzu maila honetako taldeei buruz? Zure ustez, jauzi handia al dago Bigarren B Mailatik 1. RFEF Mailara?

Aitor Zulaika gure entrenatzaileak dioen moduan, Real Union iaz Bigarren B Mailan 80 talderekin lehiatzetik, 40 talde bakarrik dituen maila batera pasa da. 20 taldeko bi multzo daude, klub historikoekin, talde oso indartsuekin, Bigarren Mailatik jaitsi berriekin etab. Zulaikak beti gogorarazten digu hori. Zergatik? Astebururo partidak jokatzen ditugulako; talde handien aurka ari gara jokatzen, maila handiko jokalariak dituztenak, eta zelaiak jartzen du bakoitza bere lekuan. Maila gogorra da eta partida errazik ez dago.

Igor Emery Federazioko liburutegian Hondarribia F.E.-ko jokalaria zeneko partida bateko aktari begira

4. Zeintzuk dira aurtengo denboraldiko helburuak?

RFEF Mailan ahalik eta azkarren finkatzea da helburua; ez dugu nahi datozen denboraldietan edo etorkizunean pentsatzea, orainean baizik. Garbi izan behar dugu zertan ari garen eta zein mailatan lehiatzen dugun; era horretara, partida eta entrenamenduetarako mentalki gogorrago egongo gara eta edozein talderi aurre egin diezaiokegula sinets dezakegu. Denboraldi hasiera honetan partida gogorrak izan ditugu eta taldeak aurpegia eman du. Eguneroko entrenamenduekin soilik pentsatu behar dugu partidarako prest egoteko.

5. Larunbatean Bilbao Athleticen aurka jokatuko duzue Lezaman. Maila honetan lehiatzen diren Euskadiko talde bakarrak zarete. Partida berezia al da zuentzat derbia?

Beti da partida berezia. Iaz ere Bigarren B Mailan jokatu genuen eta Lezamara joatea beti da berezia. Kasu honetan, gainera, are gehiago, gure zaleak bertan izango direlako. Dagoeneko bi autobus bete dira larunbatean Lezamara joateko. Gertutasun geografikoak, aurkaria Athletic izateak eta animatu nahi gaituzten hainbeste zale etortzeak egiten du berezi norgehiagoka hau. Egia da, halaber, arrazoiak ematen ari garela zelaian, partida onak egiten ari galerako eta etxean giro ona egoten delako, baina derbia bezalako partida batean gure zaleak egoteak gehiago motibatzen gaituela aitortu behar dugu.

6. Zure ustez, Federazioak nola lagun diezaieke klubei eta, oro har, Gipuzkoako futbolari?

Adibidez, ostegun honetan Gipuzkoako futboleko praktika egokiei buruz izan duguna bezalako bilerak antolatuz, kluben artean komunikazio ona eta errespetua egon dadin. Ez dezagun ahaztu guk gure lana egin behar dugula, baina beti egongo gara harremanetan beste klubekin jokalariengatik edo beste arrazoi batengatik. Errespetuz egin behar dugu beti, eta Federazioak hori bultzatzea oso garrantzitsua da, jakina. Eskatzen dugun laguntza ere aipatuko nuke; izan ere, arazoak izaten ditugu Iparraldeko jokalarien fitxekin, ezin izaten ditugulako inskribatu, eta kasu horretan Federazioak laguntzen digu. Beraiek zuzenean ezin badute ere, Espainiako Federazioarekin zubi lana eginda. Ikuspuntu horretatik, eskertuta gaude, eta badakigu ahal den guztia egiten dutela guri laguntzeko. Real Unionen izenean ari naiz, baina klub askoren edo gehienen izenean ere hitz egiten dut. Uste dut lan garrantzitsua dagoela egiteko eta urrats asko ematen ari direla aurten heldu den talde berri batekin, eguneratzen saiatzen eta Federazioaren eta Gipuzkoako futbolaren funtzionamenduaren barruan gauza asko berritzen ari dena,  garai berrietara egokitzeko. Hori guztia eskertzekoa da.