Bilatzailea Kontaktua
...

Igor Gordobil: “Bizitzan gertatzen diren aukera hauek bereganatzea oso zaila izaten da, eta ahal dugun guztia egingo dugu igoera lortzeko”

Igandean hitzordu garrantzitsua dauka Beasainek Lasesarren, izan ere, Basconiaren aurka jokatuko du 2. RFEF Mailara igotzeko lehenengo kanporaketa. Partida hori irabaziz gero, datorren asteburuan bigarren kanporaketa jokatuko luke Portugalete-Barakaldo norgehiagokako irabazlearen aurka. Igor Gordobil entrenatzailearekin izan gara taldeak egun berezi hauek nola bizi dituen eta igandeko erronkari begira zer esaten duten jakiteko.

1. Igandean hitzordu garrantzitsua duzue Lasesarren. Nolakoak ari dira izaten egun hauek taldearentzat, eta herriarentzat orokorrean? Nola egiten diozue aurre erronka honi?

Badakigu egun bereziak direla, baina gu, gure partetik behintzat, normaltasunean eramaten saiatzen ari gara, eguneroko gauzak egiten ditugu. Egia da mezuak eta deiak jasotzen dituzula, bidaiak, autobusak, sarrerak etab. baina guk behintzat geure buruan ez daukagu sentsazio desberdinik. Guretzako aste normal bat bezalakoa da hau, egun politak entrenatzeko. Badakigu helburua irabaztea dela eta denok bide beretik jarraitzen dugu lanean. Herriarentzat, berriz, aste berezia izaten ari dela nabari dugu, nabari da iganderako prestatzen ari direla: kamisetak erosi, autobusak edo kotxeak antolatu etab. Guretzat horrelako gauzak oso politak dira eta eskertzen ditugu, baina guk gure lana egin behar dugu eta iganderako ondo prestatu.

2. Aurtengo denboraldia ez zenuten hain ondo hasi, baina sekulako bigarren itzulia egin duzue. 3. RFEF Mailako talde onena izan zarete bigarren itzulian. Momentu onenean zaudetela esan al daiteke?

Lehenengo 8 partidetan jokatzeko beste modu bat geneukan, baloiarekin protagonistak ginen. Nik uste dut aurkariak baino hobeak izan ginela, baina emaitzak ez ziren iristen eta aukera izan zen gauzak aldatzeko. Zuzenago jokatzen hasi ginen eta uste dut horrek jendearengan eragina izan zuela, jokalariak gusturago jokatzen zutela modu horretara eta emaitzak heldu ziren. Egia esan bigarren itzuliko zenbakiak ikaragarriak dira, partida bakarra galdu dugu Pasaiaren aurka, eta momentu onean gaudela esan genezake, baina partida bakarrera indarrak parekatu egiten dira eta arerio zaila daukagu aurrean. Guk gureari begiratu behar diogu. Momentu honetan oso ondo ari gara jokatzen, lehiakortasun puntu hori nabari da; ez da erraza gure kontra irabaztea eta horretan mugitzen gara, taldearen indarra talde lana da eta saiatuko gara ahalik eta partida onena egiten.

3. Ligan ez duzue lortu Basconiari irabaztea. Etxean 0-1 galdu zenuten eta han berdinketa 1-1. Nolako partida espero duzue igandean? Etxetik kanpo eta Bizkaian izateak eragin dezakeela uste al duzu?

Kanpoan partida onak egin ditugu eta 3. RFEF Mailako talderik onena gara etxetik kanpo; beraz, guri horrek ez gaitu arduratzen. Basconia oso talde ona da, Athleticen filiala, kalitate handiko jokalari gazteak ditu. Beasainen jokatu genuen ligako partidan hobeak izan ginen, baina baloi geldietan min handia egin ziguten eta ondorioz, 0-1 galdu genuen. Basaurin, aldiz, lehenengo zatian ez ginen ondo ibili, baina bigarren zati ona egin genuen eta azkenean berdinketarekin amaitu genuen. Hala ere, partida horiek ez dira aintzat hartu behar, playoffetan norgehiagoka desberdina izango dela uste dut, oso borrokatua eta detaile txikiak ondo zaindu beharko ditugu. Igandean irabazteko aukerak dauzkagu, baina aurrean aurkari gogorra dugula jakinda. Guk gure lana egingo dugu, euren zelaian jokatzen saiatu eta ea norgehiagoka gure alde jartzen dugun.

Beasaingo 3. RFEF Mailako taldea. Argazkia: Beasain K.E.

4. Denboraldi hasieran helburu batzuk finkatuko zenituzten. Bete al da espero zenutena?

Ni 2020ko abenduan iritsi nintzen klubera. Gauza positiboak ikusi genituen, baina baita ez hain onak ere eta horiek baztertzen saiatu gara, eta, aldiz, positiboak indartzen. Fitxaketei dagokienez, iruditzen zait jokalari onak ekarri ditugula. Gure helburua egunerokotasunean gauzak ondo egitea izan da, epe laburrera finkatutakoa betetzen joatea eta epe luzera zerbait etortzen bazen disfrutatzea. Zortzigarren partidatik aurrera aurrerapauso nabarmena egin du taldeak, partida zailetan nortasun handia erakutsiz, eta horrek energia puntua eman digu. Pixkanaka-pixkanaka aritu gara lanean, eta azkenean lortu duguna lortzea oso zaila da; Errege Koparako sailkatzea eta playoffak jokatzea bigarren postuan amaituta datu esanguratsuak direla uste dut eta hori baloratzekoa da. Jokalariek egin duten lana eta daukaten konpromezua ikaragarria da. Alde horretatik oso pozik gaude, eta playoffetara begira badakigu gauzak ondo egiten baditugu aukerak izango ditugula.

5. 2. RFEF Mailara igotzeko aukeraz hitz egiten ari gara, baina dagoeneko lortu duzue beste sari potolo bat: Errege Kopara sailkatzea. Sari hori jada esku artean duzuela jakinda, mailaz igotzeko erronkari lasaiago egiten al diozue aurre?

Ez. Badakigu playoffetan sartzea helburu indartsua eta interesgarria dela. Ez dakigu noiz izango dugun aukera berriz. Behin playoffetara sailkatuta eta, batez ere, jokalarien nortasuna eta grina ikusita, gure lehenengo helburua igandeko neurketa irabaztea da, eta hori lortuz gero, bigarrena ondo prestatzea, eta hori ere ondo joango balitz prest egotea azkenengo pausoa emateko. Beasaingo herritarrei eta igandean zuekin egongo diren zaleei bidali nahi diezun mezuren bat. Bizitzan gertatzen diren aukera hauek bereganatzea oso zaila izaten da, eta ahal dugun guztia egingo dugu igoera lortzeko, jakinda ez dela erraza izango.

6. Igandean zuekin egongo diren zaleei eta Beasaingo herritarrei bidaltzea gustatuko litzaizukeen mezua.

Jakin badakigu partidan zehar momentu gogorrak egongo direla eta euren animoak entzutea gustatuko litzaiguke, eta irabazten badugu beraiekin ospatzea noski. Guretzako hori izango litzateke gauzarik politena. Beasain bezalako talde bat Bizkaira joanda, guretzat energia gehigarria da gure jendea han ikustea. Aldarrikapena egiten dut hemendik partidara joatera animatzeko, ea Lasesarre txuri-urdinez ikusten dugun. Autobusa eta sarrera doan dira eta guretzat garrantzitsua izango da beraien babesa izatea.