Bilatzailea Kontaktua
...

Ohorezko Jubenilen Nazional Mailako entrenatzaileak ezagutzen

Ezkerretik eskuinera: Lander Garcia (Real Sociedad), Borja Martin (Tolosa), Aritz Lucas (VAsconia), Ivan Franco (Eibar) eta Iñigo Mendia (Antiguoko).

Ohorezko Jubenilen Nazional Maila 16 taldek osatzen dute, horietatik bost gipuzkoarrak dira: Antiguoko, Eibar, Tolosa, Real Sociedad eta aurten igo berri den Vasconia. Ivan Franco, Lander Garcia, Borja Martin, Iñigo Mendia eta Aritz Lucasekin egon gara, Gipuzkoa ordezkatzen duten bost taldeen entrenatzaileekin, aurtengo denboraldiaren nondik norakoei eta helburuei buruz hitz egiteko, eta, bide batez, Jubenilen maila gorenean lehiatzen duten gure entrenatzaileei aurpegia jartzeko.

1.- Nola ekin dio taldeak liga hasierari?

Ivan Franco (Eibar): Uste dut orain arte taldeak lan ona egin duela. Jokalariak ilusio handiarekin daude, batez ere kategoria honek eskatzen duen mailaz gozatzeko eta egunerokoan hobetzeko. Ezarritako helburuen balantzea positiboa da, eta uste dut orain arte lortu ditugun emaitza onak eguneroko lanaren ondorio direla.

Lander Garcia (Real Sociedad): Ilusio handiz. Taldea oso ondo ari da lanean denboraldiaurreko lehen egunetik. Jokalariak giro polita sortu dute, eta hori funtsezkoa da gero jokalari bakoitzak zelaian bere onena eskaini ahal izateko.

Borja Martin (Tolosa): Plantilla osoa Tolosaldekoa da (Realak utzitakoak izan ezik); horretaz gain, plantilla ia berria da, eta asko kostatzen ari zaigu Ohorezko Jubenilen Nazional Maila bezalako eliteko kategoria batek eskatzen duen erritmo lehiakorra hartzea, baina esan behar dut jokalariek gogor entrenatzen dutela eta entrenamendu bakoitza beraientzat lehiaketa bat dela, eta harro sentitzen naiz egiten ari diren ahalegin guztiaz. Ea zorte pixka batekin emaitzak lortzen ditugun.

Iñigo Mendia (Antiguoko): Momentuz ondo. Lehen neurketetan taldeak beharrezko puntuak lortu ditu hurrengo partidei lasaitasun handiagoarekin eta sailkapenari dagokionez inolako estutasunik gabe aurre egiten saiatzeko. Baina, bestalde, denbora gutxi daramat klubean eta horrek lehen partida hauetan oraindik egokitzapen prozesuan egotea eragin du, ni testuingurura eta alderantziz egokitu behar izatea, alderdi guztietan.

Aritz Lucas (Vasconia): Gogotsu. Normala da, gure klubak maila goreneko kategoria honetan parte hartzen duen lehen aldia delako, eta jokalariek, logikoa denez, ilusio handiz eta ahalik eta ondoen egiteko gogoz hartu dutelako. Adinagatik aurreko urtetik taldean jarraitzen dutenei izugarri erakartzen zieten erronka honek, beheko taldetik igo direnei zer esanik ez, eta kanpotik etorri direnak oso ondo egokitu dira taldera.

Kontuan izan behar da, nahiz eta gure instalazioak ez eduki (Puioko zelaia obretan dago oraindik eta denboraldiaurretik beste zelai batzuetan entrenatzen ari gara), plantilla egoera horretara egokitzen eta egunero hobetzen saiatzen ari dela. Barneratuta daukagu maila honetan lehiatzeak dakarrenera egokitu behar garela, eta ez bakarrik kirol arloan, baita psikologikoan ere.

2.- Zein dira aurtengo helburu nagusiak?

I.F.: Ez dugu helbururik ezarri sailkapenari eta emaitzei dagokienez. Gure helburua iazkoaren berdina da, jokalariari futbolean eta pertsonalki hobetzen laguntzea, datorren urtean egituraren barruan urratsak ematen jarraitu ahal dezan, Vitoriara edo Eibar Urkora ahalik eta jokalari gehien igoz.

L.G.: Helburu argia dugu, eta bera izaten ari da prestakuntza etapa guztietan: gure proiektua jokalaria da, eta helburua epe luzerako garapena. Horretarako, bi testuinguru ditugula ulertzen dugu: astelehenetik larunbatera Zubietan, onenak izaten saiatu behar dugula ulertuz, eta, bestalde, igandeetan txapelketan, aurten Ohorezko Jubenilen Nazional Mailan.

B.M.: Logikoa denez, mailari eustea, baina hortik harago, etxeko jokalariekin lehiatzea da.

I.M.: Jokalariei ahalik eta testuingururik onena eskaintzea, beren potentzial guztia garatu ahal izan dezaten eta ahalik eta hobekien hazi ahal izan daitezen. Bestalde, beheko taldeetako jokalariei balioa ematea eta maila altuagoko taldeetan jokatzeko aukera eskaintzea ere funtsezko helburuetako bat da, talde lehiakorrak eraiki ahal izateko. Sailkapenari dagokionez, ideia nagusia kategoriari eustea dela kontuan hartuta, ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara, sailkapenean ahalik eta gorenen egoteko.

A.L.: Normalena mailari eustea dela entzutea litzateke. Jakina, kirol arloan hori izan behar da helbururik koherenteena, baina gauza gehiago bilatzen saiatuko gara beste garaipen txiki batzuk lortzeko. Denboraldi honetako esperientziaz ikasi eta gozatu nahi dugu. Badakigu zein zaila den jubenilen futboleko elitean lehiatzea, eta are zailagoa aurrean izango ditugun taldeen aurka, hau da, egitura profesionala, kategoriari dagokionez urte askoko abantaila eta gurekin alderatuta baliabideak dituzten taldeen aurka.  Hala ere, geure txapelketa bizi nahi dugu, mailari eustearen helburuarekin gehiegi kezkatu gabe.

3.- Zer iruditzen zaizu kategorian aurten dagoen maila?

I.F.: Urterokoa bezala, maila oso estua da, jubeniletako jokalari onenekin eta talde prestatuekin. Talde gehienak 3. urteko jokalariz osatuta daude eta ez daudenak, maila altuko jokalariak dituzten egitura profesionalak dira. Edozein aurkarik jar zaitzake estualdian.

L.G.: Jubenilen Ohorezko Maila futbol hezitzailearen kategoriarik zorrotzenetakoa da. Partida guztiek dute beren zailtasuna, taldeak ondo hornituta daude teknikoki, ondo antolatuta eta landuta, eta gure multzoa (bigarrena) jokoaren intentsitateagatik bereizten da. Guretzat aukera handia da jokalaria erakusteko eta honi bere onena eman dezan eskatzeko.

B.M.: Maila oso zorrotza da, gazteen futbolaren elitearen aurrean gaude, eta oso zaila da gurea bezalako klub xumeentzat maila honetan mantendu eta lehiatzea, baina, lehen esan dudan bezala, gogor ari gara lanean entrenamendu bakoitzean, eta jokalariak esfortzu handiarekin ari dira erantzuten.

I.M.: Kategoriaren maila oso zorrotza da. Kalitate eta egitura profesional handiko taldeak daude. Kategoria honetan ez dago aurkari errazik. Epaileak txistua jotzen duen unetik ez dago sailkapen-desberdintasunik. Talde bakoitzak bere armak ditu, eta deskuidatzen zaren unean, gero buelta ematea oso zaila da eta edozein taldek irabaz diezazuke. Liga osatzen dugun 16 taldetatik herena egitura profesionalek osatzen dute. Partida horietan lehen mailako jokalari gazteen aurka jokatzen duzu eta besteekiko aldea nabaria da eta zaila izaten da puntuak lortzea. Hori dela eta, beste talde guztien arteko neurketak zailak izaten dira, eta irabazteko gauzak oso ondo egin behar dira, nahiz eta horrek ez duen bermatzen irabaziko duzunik.

A.L.: Handia. Aurreko denboraldietan, Nazional Ligan lehiatu ginenean, iruditzen zitzaidan aurkari guztiek, baita sailkapeneko behealdeko edozeinek ere, gauzak oso zail jartzen zizkizula. Zer esanik ez aurten. Taldeak oso landuta daude, eta guztiek dute bereizten dituen zerbait.

Jokatzeko moduari dagokionez, proposamen ezberdinak daude. Filialak diren klubak baloia edukitzen saiatzen dira, eta atzean geratzen bazara ahuldu egiten zaituzte, presioa goian eginez gero espazioekin min handia egiten dizute; laburbilduz, partidan zehar egoera desberdinei aurre egiten jakin behar duzu. Beste batzuk, aldiz,  partidara egokitzen saiatzen dira eta euren momentuaren zain egoten dira min egiteko. Denek dute maila handia eta asko zailtzen dizute partida, baina zailtasun horren barruan, gure maila hobetzeko eta denboraldian zehar talde gisa hobetzeko erronkak daude. Era horretara bakarrik lortuko dugu urtea aurrera ateratzea.

4.- Real Sociedad, Eibar, Antiguoko, Tolosa eta Vasconia dira maila honetako ordezkari gipuzkoarrak. ¿Nola ikusten dituzu taldeak?

I.F.: Realak plantilla oso ona daukala esango nuke, banaka hartuta kalitate handiko jokalariak ditu eta, gainera, aurten oso lehiakorrak izaten ari dira; taldean erregistro ezberdinak erabiltzen dituzte. Denboraldi honetan liga irabazteko hautagai leiala dela uste dut.

Antiguokok urte asko daramatza kategoria honetan eta beti ondo lehiatzen dira, ideiak argi dituen taldea da; bere zelaian oso indartsuak izango direla eta puntu kopuru handia lortuko dutela uste dut.

Tolosa Antiguokoren antzeko taldea izango dela uste dut, estilo oso antzekoa eta bere zelaian ere indartsua. Denboraldiaren hasieran puntuak ateratzea kostatzen ari zaie, baina iaz, igo berriak izanik, denboraldi bikaina egin zuten, eta aurten iaz lortutako esperientziarekin, gauza bera egingo dute, ziur.

Vasconia gauza interesgarriak egiten saiatzen den taldea iruditzen zait, igo berriak dira eta ziur nago maila honetaz gozatu ahal izateko, ilusio horrek partidaz partida haziko dituela eta kategoriak eskatzen dituen egoera eta xehetasun txiki horiek hobetzen joango direla. Ez da erraza lehen urtean kategoriara egokitzea.

L.G.: Jubenilen kategoria gorenean lurraldeko 5 talde egoteak ondo hitz egiten du gauza askori buruz. Familietan edo eskoletan hasten den hezkuntza-garapenetik eta kirol-praktikatik hasita, eskola-kiroletik igarota, eta Gipuzkoako klubetan kategoria horretan ordezkatuta egon edo ez egiten den lanarekin jarraituta, oro har, horrek guztiak ondo hitz egiten du Gipuzkoaz eta gipuzkoarraz.

B.M.: Reala eta Eibar indar handiko taldeak dira, talentu handiko jokalariak dituzte. Antiguokori dagokionez, defentsan oso talde indartsua ikusten dut, baloirik ez duen uneetan eroso sentitzen dena, eta trantsizioak ondo egiten dituena. Vasconiaren kasuan, berriz, oraindik ez dugu euren aurka jokatu, baina ikusi dudanez, oinarria oso ondo lantzen duen kluba da, eta jokalariak joko estilo propioa garatzen dute; ideia argiak eta intentsitate handia dituen taldea da.

I.M.: Denak ikusten ditut ondo. Gipuzkoako futboleko 5 talde kategoria honetan egotea gure taldeetan eta gure probintzian dugun mailaren isla garbia dira.

Reala eta Eibar talde handiak dira. Erreferentzia gisa Reala nabarmentzen da, nazioarteko hainbat jokalari baititu eta oso bloke ona baitute. Inork ez du zalantzan jartzen Zubietaren lana, eta elitean ez ezik, harrobiko talde guztietan ere ikusten da. Jubenilen taldea osatuagoa da iazkoarekin alderatuta eta titulua lortzeko lehian arituko dira.

Eibar, teknikoki ona izateaz gain, bere intentsitate eta fisikoagatik ere nabarmentzen da. Lehen taldearen nortasuna ondo islatzen da gazteen taldean, eta oso plantilla lehiakorra dute. Iaz bezala, hauek ere goian egongo dira aurten.

Tolosaren kasuan, denboraldia ondo hasi ez arren, hainbat jokalarik ondo ezagutzen dute maila hau eta hori talde gutxik erabil dezakegu. Bloke gehienak azken urteko jokalariz osatuta daude eta talde guztiak urtez urte berritzen dira. Jokalari hauen esperientziarekin eta izan dituzten errefortzuekin aurkari zaila izango da. Usabal, gainera, zelai zaila da edonorentzat, askori ihes egingo dizkigute puntuak han.

Vaskonia igo berria da, baina kasu hauetan gertatu ohi den bezala, nazional ligan goiko aldean lehiatu eta senior mailara igo ez diren jokalariek maila ematen dute kategoria honetan. Hasiera ona izan dute eta puntu batzuk dituzte, eta askori kostatuko zaie horiek lortzea. Taldea indartu egin da eta mailako jokalariak ditu. Geratzeko datoz.

A.L.: Zer esango dizut bada. Maila handikoa. Realak indartsu ekin dio denboraldiari. Jokalari asko ditu eta seguruenik lehen hiru sailkatuen artean egongo da denboraldi honetan. Joko landua egin nahi duen eta partiduei erritmo biziagoa emango dion taldeetako bat da. Horrez gain, aurreko jokalariek gola daukate, eta oso zelai-erdi ona du, nagusitasuna sortzeko ondo mugitzen direnak. Gainera, Lander da bere entrenatzailea. Gaztea baina soberan prestatua, bizitasun eta kemen handia emango diona talde horri. Kategoria ezagutu eta kalitatea emango dio denboraldi honetan Zubietan egindako lanari.

Eibar fisikoki oso bloke indartsua da. Joko zuzena egiten du eta ez du ia hausturarik. Unben joaktu genuenean argi eta garbi gainditu gintuzten, eta gauza bera gertatu zitzaigun denboraldiaurrean ere. Ligari indartsu ekin dio eta tradizioz eta egituraz, denboraldia amaitzen denean pribilegiozko postuetan egongo den horietakoa da.

Antiguokori buruz zer esan. Urte asko daramatza goiko kategoria guztietan egituratuta, eta filosofiari dagokionez gauzak oso argi dituen kluba da. Aurten Euskaditik kanpoko jokalariekin indartu dira eta Iñigo Mendia fitxatu dute entrenatzaile gisa. Jokatzeko estilo zehaztua dute. Defentsarako egitura onenak dituzten taldeetako bat da, eta oso zaila da beraien aurka aukerak sortzea eta gola sartzea.

Tolosa ere gogor lehiatuko da aurten eta gauzak zail jarriko dizkie gainontzeko taldeei. Borja Martin bezalako entrenatzailea izanda, gaztea eta etorkizun onarekin, jokalari gehienak Tolosaldekoak dira; hori nahikoa arrazoi bada denboraldian zehar gogor lehiatzeko eta mailari eustea lortzeko. Liga hasiera zail samarra izan dute, Zubieta eta Logroñora bisita eginez eta Antiguokoren aurka etxean jokatuta. Poliki-poliki indartu eta gehiagora joango dira.

5.- Zein da zure faboritoa txapeldun izateko?

I.F.: Athletic Club.

L.G.: Kategoria honetan zaila da zer gertatuko den jakitea. Talde askok amaitu dezakete txapeldun, Errege Koparako sailkatuta edota jaitsiera postuetan eta horrek berak egiten du kategoria hau hain erakargarria.

B.M.: Reala da nire faboritoa, eta gero, Athletic. Hala ere, esan beharra daukat Eibar oso talde boteretsua eta talentu handiko jokalariak dituela iruditu zaidala.

I.M.: Athleticen nagusitasuna apurtzeko garaia da. Aurten Realak irabaziko du.

A.L.: Filialeko edozein talde (Reala, Athletic, Eibar, Alaves, Osasuna). Kirol potentzial, aukera eta egituragatik faboritoak dira. Besteok urrun gaude.

Bereziki, busti behar banaiz, Realak eta Athleticek amaierara arte jokatuko dutela uste dut, nahiz eta aurrez aipatutako edozein talde ikusten dudan txapeldun gisa.