Bilatzailea Kontaktua
...

Kepa Lasa: “Gipuzkoako talde bezala ohore bat izango litzateke 2. RFEF Mailara igotzea”

Kepa Lasa, beasain K.E-ko lehendakaria. Argazkia: Goierriko Hitza

Azkenengo pausoa falta zaio Beasaini ametsa errealitate bihurtzeko. Basconia 0-3 eta Portugalete 2-1 gailendu ondoren, Madrilera egingo dute bidaia igandean Txantrea K.K.E.-ren aurka azken kanporaketa jokatzeko. Beasainek abantaila txiki bat izango du, ordea, igandeko norgehiagokan: berdinketarekin amaituz gero, luzapena barne, bagoneroak igoko lirateke 2. RFEF Maila, ligako sailkapenean postu hobean amaitzeagatik. Kepa Lasa klubeko lehendakariarekin egon gara azken txanpa hau nola bizi duten jakiteko.

1. Igandean final handia jokatuko duzue Madrilen. Espero al zenuten honaino iristea?

Egia esanda horrelako pentsakizunik ez dugu eduki denboraldian zehar, baina bai behin liga bukatu eta gero, helburua hori izan dela.

2. Txantrea K.K.E.-ren aurka izango da azken finala. Gustura al zaudete tokatutako aurkariarekin?

Jakinda zozketako aurkari guztiak zailak izango zirela, Txantrea bere ligan hirugarren bezala sailkatu da, eta horrek behintzat abantaila txiki bat ematen digu; berdinketarekin bigarren RFEF mailarako sailkatuko ginateke. Baikorrak gara.

3. Zer suposatuko luke klubarentzat taldea 2. RFEF Mailara igotzeak?

Urteetan zehar buruan izan dugun helburu bat lortzea. Orain dela 20 bat urte pasa eta gero maila berreskuratzea. Gipuzkoar talde bezala ohore bat izango litzateke horrelako sari bat jasotzea.

4. Nahiz eta norgehiagoka Madrilen izan, herriaren babesa izatea espero al duzue bertan?

Nahiz eta Madril Beasaindik urrun egon, erabat ziur nago herriaren eta zaleen babesa bertan izango dugula. Barakaldora 600 zale baino gehiago hurbildu ziren, eta Zubietan aurreko igandean 1000 zale behintzat bai. Ez daukagu dudarik aurtengo azken bidai honetan zale asko bertan izango direla.