Bilatzailea Kontaktua
...

Laugarren eguneratze eta birziklatze jardunaldia

Pasa den astelehenean entrenatzaileen laugarren Eguneratze eta birziklatze jardunaldia egin zen Zubietako Gorabide eraikinean. Guztira 90 entrenatzaile inguru bildu ziren bertan.

Jardunaldi interesgarria eta praktikoa, Realeko hiru hizlari hauen parte-hartzearekin: Eneritz Lizaso, analisi unitateko langilea; Beñat Erkizia, emakumezkoen arloko Prestatzaile Fisikoa; eta Jon Mikel Arrieta, Metodologia unitateko arduraduna.

Eneritz Lizasok “Gure analisi begirada, zergatik eta zertarako” izenburupean datuen analisiei buruz hitz egin zuen, nola lortzen dituzten eta horiekin lana nola egiten duten azalduz.

Beñat Erkiziak “Futbolariaren garapena epe luzera” izenburupean emakumezko taldeen entrenamenduak nola prestatzen dituzten eta taldearen edo jokalariaren maila edo beharretara nola egokitzen diren azaldu zuen. Horretarako, emakumezkoen lehen hiru taldeen datuetan oinarritu zen, hainbat adibide azalduz.

Eta azkenik, Jon Mikel Arrietak formakuntza adineko taldeekin denboraldia nola antolatzen duten azaldu zuen “Denboraldiaren programazio taktikoa formakuntza adinean” izeneko hitzaldian. Hala nola klub edo talde baten joku eredua hautatzerako orduan, taldeari eragiten dioten ezaugarriek duten garrantzia azpimarratu zuen, gero testuinguru horrek eragin zuzena izango baitu entrenatzaileak prestatzen dituen ariketetan.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu beste behin hizlariei, Realari egindako harreragatik eta bertaratu ziren entrenatzaile guztiei. Hurrengo eguneratze eta birziklatze jardunaldira arte!