Bilatzailea Kontaktua
...

Manu Díaz: “Pozik gaude gure lehen urtearekin, baina lan asko dago egiteko”

manu diaz - gipuzkoako futbol federazioa

2020ko abenduaren 14ko hauteskundeak irabazi ondoren, Gipuzkoako Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzorde berriak bere ibilbidearen lehen urtea bete du. Manu Díaz lehendakaria elkarrizketatu dugu lehen etapa honetaz eta futboleko hurrengo proiektuez hitz egiteko.

1. Zein da lehen urte honetan egindakoaren balantzea?

Balantzea oso positiboa da federazioko organoen eta estamentuen inplikazioari, horietan guztietan aurkitu dugun harrerari eta pandemia egoera batean egin den lanari dagokienez. Ingurune zail batean, garrantzi handiko hainbat proiektu jarri dira abian, hala nola federazioaren irudi berria, bai webgunean, bai sare sozialetan, futbol egokituaren proiektua, euskararen erabilera sustatzeko plana, entrenatzaileen eskolaren berrantolaketa (urtebete baino gutxiagoan 400 tituludun berri lortuta), estatutu berriak, estatutu berrietan jasotako emakumezkoen Futbolaren Batzorde bat sortzea fakultate delegatuekin, etab. Beste atal batzuetan, aldiz, finantza talde bat sortu da eta kontuak federaziotik kanpoko profesional talde batek ematen ditu. Erakundeekiko harremana bikaina da. Hala eta guztiz ere, autokritika ere egiten dugu eta zenbait arlo hobetzeko daudela badakigu; bigarren urtean saiatu gara horiek konpontzen.

2. Hasiera ez zen erraza izan: lehiaketarik ez, ez federatuak, ezta eskolakoak ere.

Gure ibilbidea hasi genuenean lehiaketa geldirik zegoen eta ez genuen presarik izan Gipuzkoako futbola berriz hasteko. Klubak bildu genituen eta guztion artean erabaki genuen jarraitu beharreko bidea. Egoerak utzi bezain laster, lehiaketa erakargarriak martxan jarri genituen, playoff-ekin eta finalekin. Zoritxarrez, agintariek ez zuten egokitzat jo eskolarteko lehiaketei berriro ekitea, eta adin horietan denboraldi osoa galdu genuen.

3. Klubekiko hurbiltasuna eta parte-hartzea dira oraindik helburu nagusietako bat.

Noski baietz. Gure lana hasi eta astebetera, klub bakoitzarentzako Zuzendaritza Batzordeko kontaktua izendatuko genuen, eta behar duten guztietan jo dezakete berarengana. Bilera asko egin ditugu Gipuzkoako eremu desberdinetan, erabaki garrantzitsuak hartzeko hiru batzar orokor, eta jardunbide egokien lantaldea martxan jarri dugu 30 kluben partaidetzarekin. Batzordeek errendimendu betean jardun dute, eta maiz izan dituzte bilerak. Eskertzekoa da kluben inplikazioa foro horietan guztietan.

4. Autokritika aipatu duzu lehen.

Hala da. Ez dugu jakin gertatu diren gauza batzuk aurreikusten. Pandemiaren ondorioz, nabarmen jaitsi zen epaileen kopurua, eta jardunaldi batzuetan kategoria batzuk epaile federaturik gabe egon dira. Epaileen Batzordearen lanari esker, 50 epaile berri sartzea lortu da, eta, beraz, hobetu egin dugu atal hori. Estamentuen Batzordea ere ezin izan dugu martxan jarri, baina 2022ko lehen hiruhilekoan lanean hastea espero dugu. Bestalde, Federazioaren datozen urteetako plan estrategikoari buruzko lana egiteke dago; areto futbolak, emakumezkoen futbolak eta epaileek garrantzi bezeria izango dute.

2020ko hauteskundeetako talde irabazlea.

5. Hitz egin dezagun hurrengo erronkei buruz.

Aurretik aipatutakoez gain, lanean ari gara eskola-kirolean esparru egonkorra lortzeko. Harreman ona daukagu Foru Aldundiko kirol arduradunekin, eta baikorrak gara horretan. Digitalizazio prozesuetan jarraitu behar dugu, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren. Atal sozialak estrategikoa izan behar du; eragile aktiboak izan behar dugu eta Gipuzkoako gizarteari gure kirolaren energia guztia eskaini. Lehiaketei dagokienez, berriz, datorren denboraldian jubenilen eta kadeteen kategorietako hiru maila izango ditugu, eta horrek berdintasun handiagoa eta futbolarien prestakuntza hobea ekarriko ditu. Eta, jakina, gardentasunean eta parte-hartzean liderrak izan nahi dugu.

6. Anbizio handiko helburuak dira eta ahalegin handia eskatuko dute.

Handinahiak gara. Egungo Zuzendaritza Batzordea lan aparta egiten ari da. Zuzendu daitekeen talderik onena da, eta oso harro nago beraietaz. Gauza bera gertatzen da Federazioko langileekin eta batzordeetako kideekin. Gipuzkoako futbolaren proiektua guztiona da, eta denok ari gara ekarpenak egiten.

7. Amaitzeko, lehen urte honetako une bereziren bat.

Kopako finala Sevillan, Irungo eta Arrasateko Futbol Egokituko jardunaldiak eta futbol afizionatuko edozein partida gure edozein zelaitan.