Kontaktua
...

OIER BERRAREKIN ELKARRIZKETA

Gipuzkoako Entrenatzaileen Batzar Teknikoaren presidentea

 

Entrenatzaile lanetan urte asko egon ostean, garai berri bat hasi duzu presidente moduan. Nola egiten diozu aurre erronka berri honi?

Entrenatzaile gisa aritu naiz nire auzoko gertuko taldeetan: Añorga KKE, Antigua Luberri eta Santo Tomás Lizeoa KE. Horrez gain, 13 urtez lan egin dut Gipuzkoako Federazioan bertan kargu ezberdinetan eta horrek federazioaren mundua gertutik bizitzera eraman nau. Beraz, jada ezagutzen dudan egunerokoa da eta oso eroso nago bertan.

Garai berri honi dagokionez, umiltasunez egiten diot aurre. Nire aurretik egon zenak 17 urte egin zituen karguan eta lan zoragarria egin zuen. Dagokion naturaltasunez onartu nuen kargua, ilusioz eta ikasteko irrikatan, eta gipuzkoar futbolari zerbitzu ona eskaintzeko desirarekin.

Zeintzuk dira zure funtzioak presidente gisa? Zer erantzukizun mota dakar karguak?

Hiru hitzetan esanda xedea erakundea gobernatzea, kudeatzea eta ordezkatzea dela esango nuke. Helburua lortzeko elkargoko kideentzat prestakuntza jardunaldiak proposatu eta antolatu behar ditugu eta entrenatzaileen izena zaindu behar dugu. Gainera,  bokala naiz Euskal Entrenatzaileen Batzarrean eta Espainiako Futbol Federazioko Entrenatzaileen Batzar Nazionalaren kidea ere bai.

Zeintzuk dira zure ustez hobetu beharreko alderdiak entrenatzaileen munduan?

Entrenatzaileak oso ondo prestatuta ateratzen dira kirol mailan proposatzen zaizkien erronkak gainditzeko eta horretan eskolak lan paregabea egiten ari dira. Ezagutza lortzen dute, euskarri-tresna digitalak identifikatzen dituzte eta gai dira taldeak ondo zuzentzeko. Hala ere, nire ustez askotan korrika eta presaka ibiltzen dira kategoriaz igotzeko eta ahal duten azkarren goi-mailako talde bat entrenatzeko, eta hori arazo bihur daiteke ez bagara gai gure nahiak edo itxaropenak eta benetako errealitatea desberdintzeko. Jokalariekin gertatzen den bezala, entrenatzaileetan ere ehuneko oso txikia heltzen da lehen mailako taldeetara eta horretaz jabetu behar garela uste dut. Helburuak eta erronka pertsonalak izatea zilegi da noski, baina horretarako gogor eta umiltasunez lan egin behar da klubarekin eta klubarentzat, eta egoera berrietara egokitzeko gai izan.

Nola egiten da lan Gipuzkoako Entrenatzaileen Batzar Teknikoan gauza horiek hobetzeko eta entrenatzaileari behar duen laguntza emateko?

Entrenatzaileei lagundu ahal izateko gure presentzia gertu sentitu behar dute. Hurbil egon behar gara eta funtzionaltasunetik eta erabilgarritasunetik hazi.

Zintzotasuna, besteekiko kezka, gardentasuna edota erantzukizun soziala dira gure balioetako batzuk, eta nire nahia balio kooperatibista horiekin aurrera egitea da klubekin eta gizartearekin egiten dugun lana arian-arian hobetzen joateko. Horrez gain, euskarazko komunikazioa ere eskaini nahi dugu; gure hizkuntza ofiziala foroetan, eztabaidetan, idatzietan eta ponentzietan erabilia izatea. Euskararen presentzia nabaritzea eta bermatzea nahi dugu.

Emakumezkoen taldeen entrenatzailea izan zarenez, jada ezaguna egingo zaizu emakume entrenatzaile tituludunen kopuruarekin dagoen arazoa. Zergatik uste duzu kopurua hain txikia dela? Zein izan daiteke horren konponbidea?

Emakumezkoen futbolaren errealitatea ezaguna dut eta azken urteetan gauza askotan aurrera egin dugu pertsona askok egindako lanari esker;  beti egin dute Gipuzkoaren hobekuntzaren aldeko apustua. Hala ere, badakit oraindik hobetzeko gauza asko geratzen direla, eta hori lortzeko ezinbestekoa iruditzen zait entrenatzaileei behar dituzten espazioak eskaintzea, ahalik eta ikaskuntza eta formakuntza onenak izan ditzaten.

Dakidanez, Entrenatzaileen Eskola, beste erakunde batzuekin batera, jada lanean dabil horretan; erronka interesgarria da emakume tituludunen kopuruak gora egitea lortzea eta gure batzarra haientzat ere erabilgarria dela sentitzea, eta helburu hori lortzea bidezkoa bezain beharrezkoa iruditzen zait.

Azken urteetan nabarmena izan da entrenatzaile gipuzkoarren kopurua goi-mailan.  Zeintzuk dira zure ustez arrakasta horren arrazoiak?

Entrenatzaile gipuzkoarren lana elitean ikustea gozamena da. Maila handiko lana egiten dute eta gure lurraldea erakusleihoan jartzen dute, bai nazionalki, baina baita mundu mailan ere. Arrakastaren zati bat gure entrenatzaileek duten talentu ukaezinetik datorrela uste dut, baina baita gipuzkoarrok jaso ditugun balioengatik ere (lana, seriotasuna, iraunkortasuna edo leialtasuna, adibidez); izan ere, horri guztiari esker lortu dugu gure entrenatzaileen lanak hain eskaera handia izatea mundu mailako futbolean.