Kontaktua
...

Oscar Santaliestra: “Ingurugiroa ezin hobea da; etxetik kanpo hainbeste esperientzia izan ondoren hain giro ona aurkitzea izugarria da”

Argazkia: Lauburu

Oscar Santaliestra (Burgos, 1992) duela lau hilabete iritsi zen Ibarrara; bere lehen denboraldia da Lauburuko lehen taldean, baina Burgoskoak ibilbide luzea du areto futbolean, Espainiako eta Italiako zenbait taldetan 2A eta 2B mailetan jokatu baitu. Santaliestrak aitortu du klubak eta inguruak harritu egin dutela giro bikaina nabari delako eta kirol honekiko zaletasun handia dagoelako. Jota Arregiren taldea AD Quel-en aurka 4-5 irabaztetik dator, errioxarrak penalti bikoitzetan garaitu ostean. Egun, Lauburu hamargarren postuan aurkitzen da sailkapenean eta aste honetan CD Tafatrans liderra hartuko du etxean. Partida gogorra espero da, baina jokalariek zaleen babes guztia izango dute Belabietan.

1. Lehen urtea duzu Lauburun. Zer inpresio eragin dizu taldeak eta inguruneak oro har? Espero al zenuen Ibarra bezalako herri batek areto futbolarekiko halako afizioa izatea?

Inpresio handia eragin dit egia esan; oraindik jubenilak diren eta esperientzia handiagoa duten jokalarien nahasketa bat da taldea. Ingurugiroa ezin hobea da; etxetik kanpo hainbeste esperientzia izan ondoren hain giro ona aurkitzea izugarria da. Ibarran, hain txikia izanik, harrigarria da areto futbolarekiko duten zaletasuna, batez ere, gaztetxoenek.

2. Zer sentitzen duzu Belabietan jokatzean?

Plus berezia da. Kantxa batzuetan badakizu oso zaila dela puntuak lortzea, eta Belabieta da horietako bat, batez ere, klub honek duen geneagatik. Gure zaleen laguntzak bereziagoa egiten du etxean jokatzea gainera, badakizu ez dizutela hutsik egingo.

3. Zergatik erabaki zenuen Lauburu aukeratzea? Klubaren historia ezagutzen al zenuen?

Lauburu hautatzearen arrazoi nagusietako bat Burgosekiko hurbiltasuna izan zen, etxetik gertu egoteko gogoa bainuen. Gero gauza gehiago gehitu ziren, Jota entrenatzailea izatea adibidez, berarekin egon bainintzen Debabarrenan. Banekien klub serioa dela, gauzak oso ondo egiten ari direla, eta hori erakutsi dute azken urteotan sailkapeneko goiko taldeen aurka lehiatzean. Bigarren galderari dagokionez, berriz, ezagutzen nuen zertxobait klubaren historia.

Oscar Santaliestra Pinsequeren aurkako partidan. Argazkia: Lauburu

4. Nola definituko zenuke Bigarren B Mailan dagoen maila, oro har? Italiako areto futbola ezagutzen duzunez, zein da zure ustez ezberdintasun nagusia?

Maila nahiko altua da; zortea izan dut Bigarren B Mailako hiru taldetan jokatu ahal izateko eta bakoitzak bere gauzak ditu, baina guztiak oso lehiakorrak eta edozeini irabazteko gai dira. Gehien nabaritu dudan ezberdintasunetako bat alderdi taktikoari dagokio; izan ere, Italiako taldeen %80k baino gehiagok 3-5 jokalari atzerritar dituzte, eta uste dute eurek irabazi behar dituztela partidak duten kalitatearengatik.

5. Zeintzuk dira taldearen helburuak denboraldi honetarako? Eta zuk, ba al duzu helburu pertsonalik?

Gure helburu nagusietako bat gabonetako etenaldira goiko postuetatik gertu joatea da. Nik ez dut ia inoiz helburu pertsonalik izaten. Nire helburua kolektiboarekin bat dator, azken finean hori da niretzat garrantzitsuena.