Bilatzailea Kontaktua
...

[PASE MOTZAK] 2023ko irailak 1

Gizonezkoen 2. Federazio eta Jubenilen Ohorezko Nazional Mailak hasiko dira asteburuan

Pixkanaka-pixkanaka martxan dira txapelketak. Asteburu honetan 2. Federazio eta Jubenilen Ohorezko Nazional Mailen txanda izango da. 2. Federazio Mailan Realak Zubietan ekingo dio ligari Valle de Egües talde nafarraren aurka. Jubenilen kategoria gorenean, berriz, lau ordezkari gipuzkoar izango ditugu. Antiguokok, Vasconiak eta Eibarrek etxean hasiko dute txapelketa; Realak, aldiz, Nafarroara bidaiatu beharko du Txantrearen aurka jokatzeko.

Inskripzio libreko kategorien multzoen eraketak eginda

Jada eginda daude ondorengo kategorien multzoen eraketak: Gizonezko Erregionalen, Jubenilen eta Kadeteen 1. Mailak eta Emakumezkoen Gorengo Maila. Gaur goizean aurkeztu dira multzoak klubekin egin den bileran. Datorren astean argitaratuko dira kategoria horien egutegiak.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako egutegia argitaratuta

Argitaratuta dago Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako egutegia. 3. Federazio Mailako eta Euskal Ligako egutegiak argitaratuta, jada badaukagu lurralde mailakoa ere. Gure emakumezkoen maila goreneko txapelketa irailaren 23-24 asteburuan jarriko da martxan.

Realak ezagutu ditu Europako Txapeldunen ligako aurkariak

Hamar urteren ondoren, Reala Europako Txapeldunen Ligan ikusteko aukera izango dugu. Atzo arratsaldean egin zuen UEFAk multzoen faseko zozketa. Realari D multzoa egokitu zaio eta ondorengo hauek izango dira bere aurkariak: Benfica, Inter eta Salzburgo. Multzoen fasea irailaren 19an hasiko da. Realak asteburura arte itxaron beharko du egutegia ezagutzeko.

Epaileen proba fisikoak egingo dira bihar Matigoxotegin

Larunbat honetan Ohorezko, Gorengo eta Lehen mailako epaileek denboraldia hasi aurretik  gainditu behar dituzten proba fisikoak egingo dira. Egiten diren bi kontrol fisikoetatik lehena izango da biharkoa. Matigoxotegin egingo dira 9:30etatik aurrera. Proba horiek 40 metroko 6 seriez osatuta daude, minutu bateko errekuperazioarekin eta “SDS” erresistentzia proba batekin.