[PASE MOTZAK] 2023ko urriak 27

Amaitu dira futbol eskolako arbitrajeko formakuntza bilerak
Asteazkenean amaitu ziren futbol eskoletako partidak arbitratzeko Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Epaileen Batzordeak antolatutako formakuntzaren lehen bilerak. Guztira zazpi bilera eskaini zaizkie Gipuzkoako klubei: Irunen, Zarautzen, Beasainen, Eibarren, Bergaran eta 2 Donostian. Formakuntzan parte hartu dutenek laster jasoko dute hurrengo pausoei buruzko informazio gehiago.
Errege Kopako lehenengo kanporaketa datorren astean
Reala eta S.D. Eibar datorren astean estreinatuko dira 23-24 denboraldiko Errege Kopan. Lehenengo kanporaketa jokatuko dute etxetik kanpo. Armaginek C.F. Lorca Deportivaren aurka neurtuko dituzte indarrak urriaren 31n gaueko 21:00etan. Imanol Alguacilen taldeari dagokionez, asteazkenean, azaroaren 1ean, jokatuko du C.D. Buñolen aurka arratsaldeko 18:30ean.
Azaroaren 1ean, Entrenatzailearen Eguna eta futbol jardunaldia
Datorren asteazkenean 2023ko Entrenatzailearen Eguna ospatuko da Reale Arenako Auditoriumean. 09:00etatik aurrera, Gari Fullaondo, metodologia aholkularia, UEFA PRO entrenatzailea eta Kimet Sporten sortzailea; Natalia Arroyo, Realeko entrenatzailea; eta Marco Otero, Olympique de Marsellako akademiako zuzendaria, izango dira hizlari gonbidatuak. Bestalde, jakinarazten da jardunaldia egongo dela Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan eta Ohorezko Kadete Mailako 1. Multzoan.
Josu Zubiak Kirol Zuzendariaren titulua eskuratu du
GFFko Entrenatzaileen Eskolako zuzendariak Futboleko Kirol Zuzendariaren titulua jaso zuen pasa den astelehenean Espainiako Federazioaren eskutik. Espainiako Federazioak eta Rey Juan Carlos Unibertsitateak bideratutako IV. ikastaroa otsailean hasi zen eta lau hilabeteko iraupena izan du. Aipatzekoa da, gainera, Josu Zubiaren ikastaroko amaierako proiektua hiru onenen artean aukeratua izan dela.